es eu

Zaharkitutako nabigatzaile bat erabiltzen ari zara

We strongly recommend any of the search engines listed here under for optimum web site visualization: Google Chrome, Mozilla Firefox or Internet Explorer 11. Thank you very much.

EUSKADIKO ENPRESETAN DATUEN BABESA EZARTZEAK DITUEN ERRONKAK LANDUKO DIRA OSTIRAL HONETAN EUSKALDUNAN

Ehun profesional baino gehiagok RGDP eta LOPDGDD izenekoei buruzko gogoeta egin eta eztabaidatuko dute eta, aldi berean, bi arauen aplikazio praktikoaren eta sektore anitzekoaren alderdi interesgarrienak aztertuko dituzte

Bilbon, 2019ko urriaren 2an

Euskalduna Jauregiak Pribatutasunari buruzko Bilboko Kongresua jasoko du ostiral honetan, urriaren 4an. Topaketak sektoreko ehun profesional baino gehiago elkartuko ditu, datuen babesaren alorrean eraldaketa digitalak dakarren erronkari buruzko gogoeta egiteko eta eztabaidatzeko.

Kongresua Nerea Lopez-Uribarri Eusko Jaurlaritzako Administrazio eta Zerbitzu Orokor Sailburuordeak inauguratuko du, eta Leyre Vitorica Bizkaiko Foru Aldundiko Gobernu On eta Gardentasun Zuzendari Nagusiak emango dio amaiera.

RGPD izenekoak bere lehenengo urtea bete du, eta LOPDGDDak lehenengo hilabeteak. Testuinguru horretan, Pribatutasunari buruzko Kongresuak, bi arau horien aplikazio praktikoaren eta sektore anitzekoaren alderdi interesgarrienak aztertuko ditu. Abokatuak eta pribatutasun arloko aholkulariak eta kontsultoreak, datuen babeseko eta zibersegurtasuneko arduradunak, barne eta kanpo DPOak eta, orokorrean, eskala handiko ohiko behaketa sistematikoa egiten duten edo euren jarduera nagusien artean datu pertsonal sentsibleen tratamendua daukaten erakundeetako eta enpresetako profesionalak etortzea aurreikusten da.

“Agertoki berri honetan arautegia betetzeko sortu diren eta oraindik konpondu ez diren gai ugariek topaketa bat deitzera bultzatu gaituzte, arlo horretako profesionalek euren erakundeetan planteatzen diren arazo juridikoak konpontzeko orduan jaso dituzten ezagutzak eta esperientziak partekatzeko aukera izan dezaten”, adierazi dute topaketaren antolakuntzatik. Kongresua Wolters Kluwerrek antolatzen du, eta Iñaki Pariente Datuen Babeserako Euskal Agentziaren Zuzendari ohiak koordinatzen du.

Ostiraleko topaketan, sektoreko profesionalek euren ezagutzak eta erakundeetan, barrutik edo kanpotik, izan dituzten jardunbide onak partekatuko dituzte. Horrela, Datuen Babeserako Arautegira egokitzeko proiektuei ekiteko orduan enpresek barne baliabideekin, kanpokoekin edo mistoekin lan egiteko hartu behar duten erabakia ere landuko da.

Horretarako, Pribatutasunari buruzko Bilboko Kongresuak enpresa soslai desberdinak izango ditu, arlo horretan sektore bakoitzaren ikuspegiak ematen duen aberastasuna aurkezteko. Arreta berezia jarriko da soslaiak, segmentazioak edo antzeko beste tratamendu jarduera batzuk sortzeko datu pertsonal digitalak erabiltzen dituzten jardueratan. Eta, jakina, datu pertsonalen babesarekin hain lotura estua duten segurtasuna eta zibersegurtasuna baztertu barik.