es en eu

Zaharkitutako nabigatzaile bat erabiltzen ari zara

Webgune hau ahalik eta ondoen ikusteko, honako nabigatzaileak erabiltzea gomendatzen dizugu: Google Chrome, Mozilla Firefox or Internet Explorer 11. Mila esker.

Erronka horri heldu izanaren sari gisa, Euskaldunaren kudeaketa sistemak nazioko eta nazioarteko arauen araberako zenbait egiaztagiri eskuratu ditu. Era berean, aintzatespen eta sari ugari jasotzeko oinarria izan da.

Prozesuen kudeaketa

Produktu edo zerbitzu batek baldintza jakin batzuk beteko dituen konfiantza sortzeko beharrezko jarduera planifikatu eta sistematikoen multzoa.

Bezeroaren gogobetetasuna

Euskaldunak guztiz barneraturik du ezinbestekoa zaiola bere bezeroen gaur egungo nahiz etorkizuneko premiak ulertzea, haien eskariei erantzutea eta haien itxaropenak gainditzen ahalegintzeko saiamenez lan egitea.

Etengabeko hobekuntza

Funtsezkoa da langileen hobekuntzarako ekimenak eta proposamenak sustatzea; izan ere, bezeroek kanpotik begiratuta baino are argiago ikusten dira gabeziak eta arazoak barnetik. Hortaz, bezeroak baino haratago joan behar du beti Jauregiak, kalitateari loturiko eskakizunean.

Garapen iraunkorra

Euskaldunak bere jardueren ekonomia, gizarte eta ingurumen alderdiak bateragarri egiteko eta proiektu bideragarriak definitzeko neurriak hartzeko konpromisoa du.

Irisgarritasuna

Euskaldunak eskaintzen dituen ondasunak eta zerbitzuak nornahik erabiltzeko eta gozatzeko bermea ematen du, edonolako ezintasunak izanik ere, eta etengabeko hobekuntza bilatzen du ingurunearen irisgarritasunean.

Laneko Segurtasuna eta Osasuna

Laneko arriskuak desagerrarazteko edo arintzeko hartu beharreko prebentzio eta babes neurriak hartzean datza.

Euskalduna Jauregiko irisgarritasun gida deskargatu

Euskalduna jauregiaren sariak eta egiaztagiriak

Munduko Biltzar Jauregi Onena, 2003an

Biltzar Jauregien Nazioarteko Elkarteak (AIPC) Munduko Biltzar Zentro Onenaren Apex Award saria eman zion Bilboko Euskalduna Kongresu eta Musika Jauregiari, 2003. urtean.

AIPC elkarteak Mannheimeko (Alemania) Congress Center Rosengartenen egindako Urteko Biltzarreko saioetan jakinarazi zuen sari hori Euskalduna Jauregiak lortu zuela.

Biltzar Jauregien Nazioarteko Elkartea irabazi asmorik gabeko erakunde profesionala da, 1958an sortua. Munduko biltzar zentro garrantzitsuenak biltzen ditu; gaur egun, bost kontinenteetako 57 herrialdek osatzen dute.

AIPC elkarteak 2000. urtean sortu zuen Apex Award saria, eta harrezkero ari da sari hori garatzen. Munduko biltzar zentro onenek eskaintzen dituzten zerbitzuen eta prestazioen kalitatearen nazioarteko aintzatespen itzaltsuena da.

Sari honek ospe handia hartu du, eta Bilboko Euskalduna Jauregiaren aurretik, Melbourne (2000), Innsbruck (2001) eta Vancouverrekoak (2002) eskuratu zuten.

Saria jasotzeko hautagaiak ebaluatzeko eta aukeratzeko eginkizuna Heilbronneko Unibertsitateko Zientzia Aplikatuen Sailak (Alemania) bete zuen. Bederatzi alderdi aztertu eta balioetsi ziren.

Euskalduna Jauregiak 97,62 puntu lortu zituen, 100etik. Hamazazpi biltzar zentrok parte hartu zuten sariketa hartan, eta 89,64koa izan zen hautagaien batez besteko puntuazioa.

Kalitatearen kudeaketa

2001eko ekainean, ISO-9001 kalitatearen egiaztagiria lortu zuen Euskalduna Jauregiak, prozesuak garatzean eta betetzean oinarrituriko kalitatearen kudeaketa sistema bat ezartzeko erabaki estrategikoa hartu izanari esker. Sistema horren bidez, prozesuen eraginkortasuna hobetzen da eta bezeroen gogobetetasuna areagotzen da.

ISO 9001 arauaren araberako egiaztagiriak bermatzen du Euskaldunaren kudeaketa sistemak gizarteari bultzada emateko xedea duela, eta, hain zuzen ere, defizita ekarriko duen faktore bat izan gabe, Euskadiko kulturan eta ekonomian eragin positiboa izatea bilatzen duela.

Kalitatearen Kudeaketaren Egiaztagiriak aitortzen du zentroak ahalegin berezia egiten duela beste erakunde batzuetatik bereizteko; hain zuzen ere, goren mailako instalazioak eskaintzeko eta sektoreko erreferentzia onena izateko ahalegina egiten duela.

Kalitatea funtsezko alderdia da Euskaldunaren bezeroen gogobetetasun gorena lortzeko, baita antolatzaileekin nahiz ekitaldietara joaten diren parte-hartzaileekin sortu beharreko enpatia sortzeko ere.

Ingurumenaren kudeaketa

2005eko azaroan ISO-14.001 Ingurumen Kudeaketako Egiaztagiria lortu zuen Euskalduna Jauregiak, baliabideen kontsumo arrazionala lortzeko eta bere jardueran hondakin gutxiago sortzeko prozedurak ezarri eta garatu izanari esker.
Euskalduna izan zen indarrean zeuden hiru kalitate egiaztagiriak (ISO 9.001, Kalitatearen “Q” eta ISO 14.001) eskuratu zituen espainiar Estatuko lehen biltzar zentroa, Valentziakoarekin batera.

ISO 14.001 arauaren araberako egiaztagiriak Euskaldunarentzat gure gizarteak zenbaterainoko garrantzia duen aitortzen du, baita ingurunearekin jarrera arduratsu eta solidarioa duela ere, eta “beharrezko neurriak hartzen dituela ingurumen osasungarri eta ekologikoki iraunkorra izateko eskubidea bermatzeko”, Ingurumenaren Giza Eskubiderako Bizkaiko Adierazpenean adierazten den moduan.

Ingurumen Kudeaketaren Egiaztapenak ziurtatzen duenez, Euskaldunak “ingurumen kutsaduraren prebentziorako konpromisoa du”, “une oro indarrean dagoen lege-araudia betetzen dela bermatzen du”, eta “ingurumenaren etengabeko hobekuntzan aurrera egiteko helburuak eta xedeak finkatzen ditu”.

Osasun eta segurtasun okupazionalaren kudeaketa

2009ko otsailean, OHSAS 18.000 egiaztagiria eskuratu zuen Euskalduna Jauregiak. Agiri horrek aitortzen du zentroak osasun eta segurtasun okupazionala kudeatzeko sistema optimoa duela lantokiko arriskuen prebentzio eta kontrolerako eta horiek ahal den heinean murrizteko etengabeko hobekuntza bermatzeko. Garrantzi handiko egiaztagiria da, eta Euskalduna izan da espainiar Estatuan egiaztagiri hori eskuratu duen lehen biltzar jauregia.

OHSAS 18.000 arauak ISO 9.000 eta ISO 14.000 kudeaketa estandarrekin (kalitateari eta ingurumenari dagozkionak, hurrenez hurren) bateragarri izateko moduan daude diseinatuta. Hala, enpresetan kalitatea, ingurumena, osasun okupazionala eta segurtasuna kudeatzeko sistemen integrazioa errazten dute.

OHSAS 18.000 arauak aplikatzeak dakartzan onuren artean, aipatzekoak dira langileen istripuen kopurua murriztea, lanlekuko arriskuen prebentzioaren eta kontrolaren bidez; istripu larriak izateko arriskua murriztea, eta, azkenik, istripuen eta nahi gabeko eten operatiboen ondorioz material gutxiago galtzea.

IQNet

ISO arauen araberako egiaztagirien nazioarteko sarea, Euskalduna Jauregiaren egiaztagiriei nazioarteko aitortza ematen diena, AENORekin batera.

Irisgarritasun unibertsala

UNE 170.001-2 europar arautegiaren araberako Irisgarritasun Unibertsaleko Egiaztagiria, zeinak ziurtatzen baitu Euskalduna Jauregiak eskaintzen dituen ondasunak eta zerbitzuak nornahik erabiltzeko eta gozatzeko bermea ematen duela, edonolako ezintasunik izanik ere; era berean, aitortzen du ingurunearen irisgarritasuna etengabe hobetzeari begirako kudeaketa sistema bat duela.

Iraunkortasuna

LEED US Green Building Council erakunde itzaltsuak ematen duen ziurtagiria da, eraikitze iraunkorra aitortzen duena. Eraikinen ustiapen iraunkorra bermatzen du, bai eta ingurumenarekiko arduratsuak, erosoak eta baliabideen kontsumoan eraginkorrak direla ere. Euskalduna izan zen egiaztagiri hori jaso zuen Europako lehen biltzar jauregia.

Turismo Kalitatearen Q

Turismo Kalitatearen Espainiako Institutuak (ICTE) Turismo Kalitatearen “Q” eman zion Euskalduna Jauregiari, 2004ko urrian. Jauregiaren ezaugarriak dituzten azpiegituren artean bera izan zen Estatuan egiaztagiri adierazgarri hori eskuratzen lehena.
Biltzar jauregietarako kalitatearen ICTE araua institutu hori sortu ondoren garatu da, 2000. urtetik aurrera. Eta zentro horiek garatzen dituzten funtzioei loturiko bost zerbitzu unitatetan egituratuta dago: zuzendaritza, ekitaldien garapena, ostalaritza, higienea eta garbitasuna, eta mantentzea.

Turismo Kalitatearen “Q” ziurtagiriak modu zorrotz eta objektiboan ziurtatzen du egiaztagiri hori eskuratzen duten zentro eta entitateek beren zerbitzuak etengabe hobetzeko konpromisoa dutela.

ICTE erakunde pribatua, independentea eta irabazi asmorik gabea da, eta itzal handia du espainiar Estatu osoan. Turismo enpresen sektorearen ekimenez sortu zen, Estatuko Merkataritza eta Turismo Idazkaritzaren babesaz. Egiaztagiriak turismoaren sektoreko enpresa eta entitateek kalitate sistemak ezartzeko egiten duten ahalegina egiaztatzen du.

Zigilu horrek ospea ematen dio haren jabe den enpresari, bezeroaren gogobetetasun gorena lortzeko konpromisoa duela eta, horretarako, zerbitzu bikaina eskaintzeko xedea duela erakusten duelako. Balio fidagarria da, gainera, arauek eskatzen dituzten baldintzak betetzen diren edo ez diren ebaluatzeko erabilitako mekanismoak ez direlako sektoreari zuzenean lotuak eta sektore arteko arautegiaren arabera diseinatuta daudelako.

Cookien erabilera

WEBGUNE honek cookieak erabiltzen ditu, erabiltzaileak webguneko gune eta orrialdeetatik nabigatzen duenean. WEBGUNEAK erabiltzen dituen cookieak nabigaitzaile bati WEB zerbitzari baten bidez bidaltzen zaizkion fitxategiak dira, erabiltzaileek WEBGUNEAN egiten dituzten jarduerak erregistratzeko eta nabigazio erraz eta pertsonalizatuagoa eskaintzeko. Gehiago irakurri

Onartu